
LA SALLE ZUMARRAGAKO ESPERIMENTAZIOAK
- Date 2026-01-26
La Salle Zumarragako Esperimentazioak: Jakin-minetik ikaskuntzara.
Click here to display content from YouTube.
Learn more in YouTube’s privacy policy.
La Salle Zumarragako Haur Hezkuntzako gelak azken urteetan esperimentazioz bete dira. Naturako elementuak, egurrezko tresnak, kolore-nahasketak eta mahai sentsorialak erabiliz, txikienek esplorazioaren bidez ikasteko aukera dute. Esperimentazio hauek ezinbestekoak dira haurren garapen integralerako eta askotan gurasoak ere gonbidatzen dira parte hartzera.
“Esperimentatzeak haurren pentsamendu kritikoa eta galderak egiteko gaitasuna garatzen du; ikaskuntza aktiboaren oinarri da”, Arrondo Larrayoz-ek (2014) dioen bezala, horregatik, Haur- Eskolatik hasita, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara esperimentazioari denbora eskaintzen diote.
La Salle Zumarragan esperientzia hauek eguneroko jardunaren parte dira. Jarduera bakoitza haurrek beren hipotesiak egiteko eta emaitzak behatzeko diseinatzen da. “Haurrak ez dira ikusle soilak; prozesuaren protagonistak dira”, diote irakasleek.
Azken urteetan, gainera, La Salle Zumarragako irakasle taldeak gero eta argiago ikusi du esperientzia eta estimulu desberdinak eskaintzea oso garrantzitsua dela. Haur bakoitzak bere erritmoa eta interesak dituenez, esperimentazio askotarikoek aukera ematen dute bakoitzak bere bidea egiteko eta jakin-min propioa garatzeko.
Psikologia arloan, Lencioni-ren (2002) arabera, “taldean egiten diren esperimentazioek elkarlana, komunikazioa eta konfiantza sustatzen dituzte. Akatsetatik ikasteko aukera emateak erresilientzia eta autonomia garatzen laguntzen du.”
La Salle Zumarragako irakasleek azpimarratu dute esperimentazioaren bidez haurrek zientzia, matematika eta hizkuntzaren arteko loturak modu naturalean egiten dituztela. Gainera, familiak ere parte-hartzaile bihurtzen dira, etxean eta eskolan esperimentatzeko eta haurren galderak elikatzeko aukera eskainiz.
Ana Arribas Haur Hezkuntzako irakaslearen hitzetan “gure helburua jolasaren bidez ikastea da; haurrek esploratzen, pentsatzen eta harritzen jarraitzea nahi dugu.”
La Salle Zumarragak hezkuntza berritzailearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, haur bakoitzaren jakin-mina errespetatuz eta esperimentazioaren bidez ikaskuntza esanguratsua bultzatuz.
















