
EGOKITZAPENA
- Date 2026-10-13
Egokitzapena: hasiera berri bat
Haur-eskolara lehen aldiz etortzea aldaketa handia da haur bakoitzarentzat. Horregatik, La Salle Zumarragako Haur-Eskolan egokitzapenari garrantzi handia ematen diogu.
2 urteko gelan, lehenengo egun hauetan, haur bakoitzaren erritmoa, beharrak eta emozioak errespetatzen ditugu. Hasieran, gurasoak gelan egoten dira, haurrari segurtasuna eta konfiantza emateko. Pixkanaka-pixkanaka, eta haurraren erritmoa errespetatuz, gurasoak gelatik irteten hasten dira: lehenengo tarte laburretan, eta ondoren, denbora gehiagoz. Horrela, haurrek espazio berria ezagutzen, irakasleekin harremana sortzen eta eguneroko errutinara egokitzen joaten dira.
Haur bakoitzak denbora desberdina behar du egokitzeko. Oro har, egokitzapen-prozesuak bi eta lau aste artean iraun dezake, baina haur batzuentzat denbora gutxiago izan daiteke, eta beste batzuek, berriz, aste batzuk gehiago behar ditzakete. Garrantzitsuena ez da denbora zehatza, baizik eta haur bakoitzaren beharrak eta erritmoa errespetatzea.
Guretzat, egokitzapena ez da egun batetik bestera gertatzen den prozesua; haur bakoitzak bere denbora behar duen bidaia da. Eta bidaia horretan, haurrei segurtasuna, gertutasuna eta maitasuna eskaintzea da gure helburua.
Iraila amaitzearekin batera, haur gehienen egokitzapena nabarmentzen doa: eskolara pozik datoz, ikaskideekin harreman sendoak sortzen doaz, eta elkarrekin ikasten, esperimentatzen eta eguneroko polit bat sortzen hasi dira.
Bakoitzak bere erritmoan, baina beti elkarrekin.




