Back

BAKEAREN EGUNA 2026

LA SALLE ZUMARRAGAKO IKASLEEK BAKEAREN ALDEKO KONPROMISOA HARTU DUTE

Click here to display content from YouTube.
Learn more in YouTube’s privacy policy.

Urtero bezala, urtarrilaren 30ean, La Salle Zumarragako ikasle eta irakasle guztiak patioan bildu dira Bakearen Eguna ospatzeko eta bide batez, mundu justuago, solidarioago eta harmoniatsuago bat eraikitzearen garrantziaz hausnartzeko. Izan ere, aurten begirada mundura zabaldu beharrean bakoitzak bere baitan lantzeko gonbidapena luzatu nahi izan da. 

Eguna ospatzeko, bakearen sinboloa irudikatu dute usoaren hego batzuen bitartez bakearen aldeko mezuz estali dutena. Mezu horiek luma batzuetan idatzi dituzte bakoitzak bakearen alde egiteko prest dauden keinuarekin. Ondoren, eskolako ikasle eta irakasle guztiak patiora jaitsi dira ospakizun xumea aurrera eramateko. Baita guraso batzuk ere ospakizunera hurbildu dira!

Ekitaldi honetan, LH 6. mailako eta DBHko ikasle batzuek, zenbait irakaslerekin batera, bakearen aldeko manifestu inspiratzailea irakurri dute. Bertan, konpromisoa, erronka, ausardia, ardura eta bidea hitzak ekarri nahi izan dira: 

Konpromezuari dagokionez,  La Salleko aurtengo leloarekin lotura hertsia duena,  bakea guk, hemen eta orain, elkarrekin bizitzeko aukeratzen dugun modua dela azpimarratu nahi izan zuten. Erronka hitzak, goizean esnatzen garenetik lo hartzen dugunera arte, bakearen alde egiteko ditugun dozenaka aukera horiei egiten die erreferentzia, adibidez, gelakide bati laguntza ematea ariketa bat ulertzen ez duenean, jolastokian norbait baztertuta ikustean, hurbildu eta “etorri gurekin” esatea, gure iritzia ematea besteei mespretxurik egin gabe. 

Ausardiari dagokionez, barkamena eskatzeko eta egindako akatsak konpontzeko ausardia azpimarratu zen, baita haien jarrerek, hitzek eta keinuek ingurukoengan duten eraginari buruz kontziente izatea ere. Horrez gain, ikasleei eskatu zitzaien gure mugikorrekin eta hitzen erabileran arduratsuak izatea. Izan ere, indarkeria dira halaber, hitz itsusi bat, isiltasun zigortzaile bat edo sare sozialetan norbaiti buruzko gezur bat zabaltzea ere. Amaitzeko, gogorarazi zaie bakea ez dela helmuga bat, bide bat baizik. Egunero aukeratu behar dugun bidea da.

Azkenik, maila bakoitzeko ikasle ordezkariek irakurri zituzten kurtsoka aukeratutako bakearen aldeko konpromisoak. Ekitaldia alaitasunez eta erritmoz amaitzeko, irakasle eta ikasle guztiok batera Loa eta Laiaren “Zer da bakea?” abestia dantzatu eta abestu zuten.

Ekimen honen bidez, La Salle Zumarragako komunitateak argi utzi du bakearen aldeko apustua ez dela egun bateko ospakizun hutsa, eguneroko jarreren eta ekintzen bidez eraikitzen den konpromiso partekatua baizik.