Back

IZARTXO TOPAKETA IRUNGO LA SALLEN

Lehen Hezkuntzako ikasleak Irunera joan ziren Izartxo Topaketan parte hartzera.

Larunbatean, urriaren 11n, Izartxori hasiera eman zitzaion Irungo La Sallen ospatutako topaketarekin. Izartxo aisialdi talde bat da heziketa integralaren osagarri gisa proposatzen dena. Bertan eskola komunitate osoak hartzen du parte: Haur Hezkuntzako txikienek, Lehen Hezkuntzako ikasleek eta DBHko gaztetxoek ezezik, baita begirale, irakasle eta familiek ere. Gure eskolan topaketak hilabetean behin egiten dira larunbat goizetan (Izartxo: Ludoteka, HH5etik LH 2ra) eta larunbat arratsaldetan (Izartxo, LH3tik LH6ra).

Urtero bezala,  Euskadiko La Salle eskolak izan dira Izartxo topaketaren partaide, hain zuzen ere; Bilbo, Sestao, Beasain, Eibar, Donostia, San Luis, Andoain, Irun eta Zumarragako ikastetxeak.

Goizean goiz autobusa Zumarragako geltokian hartu eta Irunera iritsi ziren gure Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. Mailako ikasleak. Hamaiketakoa jan eta indarrak hartu ondoren, La Salleko ikastetxe desberdinen begiraleek prestatutako jolasetan parte hartu zuten. Dibertimendua, barreak eta elkarlana ez ziren falta!

Bazkaldu ondoren, tailer desberdinetatik jolasean eta lanean egon ziren: txapak eta ponpoiak egiten, gorputza kalkomaniaz betez, Ametsen Paretan mezu politak idatziz, photocallean mozorrotzen eta posatzen… Horrez gain, puzgarrietan gora eta behera ibili ziren. Eguna ondo amaitzeko, dantzaldi momentua iritsi zen eta Eibarreko begirale eta beste hainbat ikasleen erritmora topaketaren partaide guztiak gorputza mugitzen aritu ziren.

A ZE EGUN APARTA IGARO ZUTENA! Eskerrik asko La Salle Irungokoei egindako lan guztiagatik eta hain anfitrioi onak izateagatik. Hurrengo urtean gehiago!